ADUR, Euskal Erdi Aro mitologikoan girotutako rol jokoa

ADUR laster argitaratuko den rol jokoa da, eta Euskal Erdi Aro mitologikoan girotuta dago. Bertan Nafarroako Erresuma, Basajaunak, Lamiak, Mari, eta beste hainbat izaki miresgarri agertzen dira. Istorioaren barruan jokalariek pertsonaia bat irudikatuko dute, adibidez sorginak, gerlariak, nekazari eta artzainak. Jokoaren barruan Historiako gertaerak eta gertaera miresgarriak nahasten dira, eta horiei nola aurre egin erabaki behar dute pertsonaiek. Erdi Aroko Euskal Herrian zehar Adur txangoak eginez, bidetik hainbat Izaki miresgarrirekin aurkitzeko aukera izango dute, adibidez basajaunak, lamiak, jentilak, begibakarrak, edo gauekoak. Adur bizindarra erabiltzen ikasi, eta sorginkerien bitartez ingurunea eraldatu ahal izango dute beraien erronkak gauzatzeko.

Itsulapikoa.eus atarian irekita dago jadanik proiektua eta hura babesteko aukera. Ekarpena egiten dutenek ADUR rol jokoaren ale bat eskuratuko dute.

Istorioak asmatzeko joko honek arau errazak ditu, edozein adineko jokalariek jolastu dezakete eta bai rolean adituak bai hasiberriak direnentzat egokia da. Jokoa taldean jolasten da, 3-6 lagunen artean. Jokalari batek Gidariaren lana egingo du, eta besteek asmatutako pertsonaiak irudikatuko dituzte.

Jokoaren edukiak liburu batean etorriko dira, koloreduna, marrazkiduna eta A4 tamainakoa, tapa gogorrekoa. Liburuarekin batera metalezko bost txanpon berezi jasoko dira, jolasteko beharrezkoak direnak.
Liburuak hiru atal izango ditu: Jokalariaren Liburua, Gidariaren Liburua eta Adur Txangoak.

1. Atala: Jokalariaren Liburua
Jokalariak atal honetan jolasteko behar dituen gauza guztiak aurkituko ditu: jokoaren arauak, pertsonaiak sortzeko jarraibideak, pertsonaientzako baliabideak, armak, sorginkeriak eta baita bakarka jolasteko Adur txango bat ere!

2. Atala: Gidariaren Liburua
Atal honetan jokoa gidatuko duen jokalariak, hau da Gidariak, baliabide eta lanabes ugari aurkituko ditu saioak zuzentzeko. Osagai hauen artean hauek ditugu: Euskal Erdi Aroko giroa, Euskal Izaki eta Jainkosak, Leku eta Objektu miresgarriak, Bidaiak, eta gauza gehiago. Osagai horiek erabiliz, Gidariak Adur txango berriak ere prestatu ahal izango ditu.

3. Atala: Adur txangoak
Atal honetan aurretik prestatutako hainbat Adur txango daude, itxaron gabe jolasten hasi ahal izateko. Horiekin batera, aurretik prestatutako hainbat Pertsonaien fitxak ere badatoz. Horiekin guztiekin, saio bikain ugari jolasteko aukera izango duzue!

ADUR rol jokoak euskal kultura sustatzea du helburu. Euskaraz jolastuz eta hitz eginez istorioak asmatzean datza, eta jokoan Euskal Historia, mitologia eta kondairak era dibertigarrian jorratzen dira. Launaka edo bosnaka jolasteko modukoa da jokoa. Baina rol joko honetan euskaraz aritzea ez da helburu bakarra, helburu pedagogikoa ere izan baitezake. Historia eta mitologia jokoarekin nahastuta, era dibertigarriago batean gai horiek ikasteko aukera eman dezake. Historia txikitan testuliburuen bidez ikastera ohituta gaude eta ADUR jokoaren bidez mundu horretan sartu eta bizi egiten dira garai hartako egoerak. Helburu hirukoitza du, hortaz: ikastea, entretenitzea eta euskara sustatzea.

Eneko Azedo-k 2020ean erabaki zuen ADUR rol jokoa idaztea. Baina liburua berria izan arren, jokoa 1990eko hamarkadan sortu eta jolastu zen, idatzia izan gabe. Garai hartan, ordea, rol jokoak ez ziren oso ezagunak, eta orain berriz geroz eta gehiago dira rol jokoetan ibiltzen diren euskaldunak. Orain, liburua garatzeko beste bi laguntzaile izan ditu Eneko Azedok liburua sortzeko prozesuan: Imanol Etxeberriak diseinu grafikoa eta marrazkiak egin ditu, eta Eneko Sánchez Navaridasek, berriz, editore lanak.

Urte baten garapenaren ondoren liburua imprimatzeko prest dago eta horretarako finantzaketa kolektiboko kanpaina abiatu da Itsulapikoa.eus atarian. Ekarpena egiten dutenek jokoaren ale bat jasoko dute trukean. Eneko Azedok jendea animatu nahi du ekarpena egitera: “ADUR jokoa jolasteko modu bat da, oso dibertigarria dena. Nire ustez gainera, euskaldunontzat zeozer berezia dauka: gure munduan, hau da, Euskaldunen Historia, mitologia eta kondairetako Unibertsoan kokatuta dago”.

https://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/adur-euskal-erdi-aro-mitologikoan-girotutako-rol-jokoa

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude