Rolariak, euskal rol joko eta kultura elkartea ofizialki 2022ko urriaren lehenean sortu zen. Kondairak dioenez…
Ilargi iluneko gau batean, leize sakon bateko gelaxka hotz batetan…
Aiztoak gora jaso eta odol paktu bat gauzatu da. Bele beltzak zazpi aldiz egin du karranka.
Barruan hamaika pertsona daude, bai fisikoki bai poetikoki. Buruzagiak izango direnei eskaini diete haien indarra.
––Anai-arrebok… ongi etorri denoi. Badakizue bilera honen helburua zein den.
Hitz egin duenak eskua tunika luzean sartu du eta poltsa txiki bat atera du, bere edukia aldarearen gainean jarriz.
––Zazpi dado, zazpi herrialde. Haiek izan bitzate gau honen lekuko!
Hau irabazi-asmorik gabeko kultura elkarte bat da. Gure helburua jokoen bidez euskara eta euskarazko rol jokoak sustatzea da. Jokoen itzulpenak egiten ditugu, batez ere, jokoetako pertsonaien orrienak. Joko berriak ere sortzen ditugu. Gainerakoan, jolastea edo jokatzea gustuko dugu. Horrekin ere badugu gure barne eztabaida. Nola esaten den, alegia. ‘Rolean jokatu ala jolastu egiten da?’ galdetzen diogu geure buruari.
Elkartea 2022an ofizialdu dugu, baina berez 2018ko maiatzean sorturiko Telegram talde baten ondorioa da. Itxialdian jende gehiago batu zen kanalera. Rolean aritzen zen jendea eta euskaraz egin nahi zuena elkartzen hasi ginen. Rolariak Donostian sortu badugu ere, Euskal Herri osokoa da.
Elkartearen helburu orokorrak
- Euskal rol joko, mahai joko, ahozko literatura eta bat-bateko istoriogintzaren bitartez euskal kultura sustatzea.
- Aipatutako gaien inguruko ekimen herritarrak aurrera eramatea.
- Aisialdi alternatiboa eskaintzea.
Elkartearen jarduerak
- Rol joko saioen antolaketa, bai aurrez-aurrekoak bai online erakoak.
- Komunikazio ekintzak: elkarrizketak, elkartearen zein jokoen aurkezpenak, ikastaroak, eta abar.
- Aisialdi alternatiboko ekintzak: mendira irteerak, jolasak, mahai inguruak, ikastaroak, eta abar.
Ohar garrantzitsua
Gure rol-jokoen zaletasunaren ahalmen handietako bat jendea amankomunean batzeko duen gaitasuna da, edozein ezberdintasun pertsonalen gainetik dauden adiskidetasun loturak eraikiz. Elkarrekiko errespetuaren eta aintzatespenaren balioez osatutako komunitate batean sinestu eta hau bermatzen dugu.
Izenak berak adierazten duen bezala, rol jokoak horixe bera dira: jokoak. Irudimena, sormena, ahalegina eta, batez ere, heldutasuna eskatzen dituen zaletasuna da. Heldutasun horren parte, rol ezberdinen interpretazioa eta fikzio narratiben sorkuntza ondo pasatzeko beste modu bat besterik ez dela ulertzean datza. Gure jarduerak istoriogintzan oinarritzen diren arren, eszena indartsuak edo sentikorrak izan litezkeelarik, hau ez da benetan nor garen edo errealitatea nolakoa izan behar duen uste dugunaren islada
Beste era batera esanda: EZ zara jokatzen duzun pertsonaia. Partida bukatzean liburuak alde batera utzi, dadoak poltsan gorde, zure bizitzaz gozatu eta besteek ere euren bizitzaz gozatzen uzten duzu.
Hala eta guztiz ere, jokabide arau ofizialak prestatu ditugu inolako kasu hipotetikoan inork portaera desegokia erakusteko aukerarik izan ez dezan. Dokumentu honekin ados bazaude eta guk sentitzen dugun berdina sentitzen baduzu, zauden lekuan zaudela eta nornahi zarela ere, biziki pozten gara gure ekimenetan parte hartu eta taldearen parte izateaz.