ROLARI BURUZ OHIKO GALDERAK
Rola taldean istorio bat garatzea da, bakoitzaren pertsonaiaren arabera eta zortearen arabera. Pelikula, antzerki edo ipuin batean parte hartzea bezalako esperientzia da.
Zuzendaria: Jokalarietako bat zuzendaria da, istorioaren kontalaria eta gertaeren ebazlea. Jokoa aldez aurretik ezagutzen du eta besteei abenturarako sarrera emango die.
Jokalariak: Jokalari bakoitzak pertsonaia baten papera hartzen du. Egoera desberdinen aurrean pertsonaia horrek zer jarrera hartzen duen edo zer egin nahi duen adierazi beharko du.
Pertsonaiaren ezaugarriak idazteko arkatza, papera eta dado batzuk material nahikoa dira joko gehienetarako. Gutxienez zuzendari bezala arituko denak araudia eta istorioa gertatuko den munduaren ezaugarriak ezagutu beharko ditu. Edo, ezaguten ez baditu, inprobisatzen jakin.
Sistema estandarrik ez dago, baina oro har hitz eginez eta dadoak jaurtiz jolasten da. Zuzendariak istorioari hasiera ematen dio eta jokalariek zer egin nahi duten proposatzen dute. Lortuko duten edo ez, haien trebeziaren eta zortearen arabera izango da.
Saio bakarreko partida arruntak ordu bete edo bi ordu ingurukoak izan ohi dira. Hala ere, jokalariak gustora daudenean nahi adina luza daitezke. Kanpaina luze bat jokatzen denean talde bera egun desberdinetan elkar daiteke istorioa bukatutzat eman arte.
Zuzendariak jokalariei egoera bat planteatzen die (demagun Erromara joateko aireportuan elkartu zareten jubilatu koadrila bat osatzen duzuela). Helburua egoera horren barruan zuzendariak planteatutako erronka edo arazo bati aurre egitea izango da (adibidez: galdutako maleta bat topatu behar duzue, Axintxiren pilulak han daude!).
Jokatzeko beste era bat istorioak nora zaramatzaten ikustea ere izan daiteke, helburu finkorik gabe (maleta bilatu ordez beste bidaiariak ezagutu nahi dituzue, aireportuko dendetatik ibili, Hawaiiera doan hegazkinean kolatu…).
Gogoratu talde bat osatzen duzuela, denon artean adostuta errazagoa izango da nahi duzuena lortzea, eta dibertigarriagoa ere bai.
Rol jokoetan ez dago irabazlerik, taldeko jarduera izanik denek neurri berean jolasten dute eta bakoitzaren erabakiek istorio amankomuna aberasteko balio dute. Zuzendariak planteatutako helburua lortzea gozagarria da, baina lortzen ez bada ere istorioa bera bizitzea da jolasa. Horregatik ez dago ez gaizki jokatzerik, ez erantzun okerrik. Jokoan zure pertsonaia hil egingo balitz ere, beste pertsonaiei aurrera jarraitzeko pisuzko arrazoia emango lieke eta istorioa interesgarriago bilakatzen lagunduko luke.
Edonor aritu daiteke rolean, ez dago adin edo jakintza maila beharrezkorik. Hala ere, joko batzuen arauen konplexutasuna, jorratzen diren gaien egokitasuna eta jokalarien gustuak, kontutan hartzeko ezaugarriak dira. Hau dela eta partida askotan antzeko profila daukaten jokalariak elkartzea komenigarria izan daiteke.
Rol jokoen bitartez ezaugarri positibo garrantzitsuak jorratzen dira, eguneroko hartu-emanerako aberasgarri direnak.
- Psikologikoak: enpatia, erresilientzia, autoestima
- Sortzaileak: irudimena, arrazonamendua, inprobisazioa, jakinmina
- Taldekoak: elkarlana, errespetua, aniztasuna, adiskidetasuna
Rol jokoak jatorrian ingeleraz hedatu ziren gehien bat, horregatik terminologia bilatzerakoan ingelerako adierak etortzen zaizkigu gogora: Dungeon Master, Critical, Munchkin, eta abar. Nola euskaratu? Hizkuntza batetik besterako jauziak ez du zertan itzulpen literala izan ezta hitz berbera ere. Euskal terminologia jolastearen eta hitz egitearen ondorioz era natural batean joango da sortzen eta osatzen. Rolarion hiztegia irekia da, bertan jokalari ezberdinek erabiltzen dituzten hitzak biltzen ditugu, laguntza nahi duenak erreferentzia gisa har ditzan. Ekarpen berriak egiteko, sartu Rol Hiztegi ez ofizialean.
Pila bat! Eta euskaraz sortuak, bereziki, geroz eta gehiago. Joko askok sistema eta arau propioak izaten dituzte. Baita zortea ebazteko metodo anitzak ere: 6 aurpegitako dadoak, 20 aurpegitako dadoak, txanponak, erloju orratzak…
Kontestuaren arabera, garai edo fikzio maila ezberdinetan jolasteko aukera dago: fikzio garaikidea (adib. Makina Maixu), etorkizun urruneko espaziountzietan (adib. Centauri), aintzinate mitologiko batean (adib. Adur), errealitate distopiko batean (adib. Atopia)… Fantasia eta askatasunez sortutako munduetan ez dago mugarik. Bisita ezazu gure Jokoteka euskarazko joko gehiago ezagutzeko, gehienak doan deskarga daitezke.
Rolean aritzeko talde bila bazabilz, gure Euskadiko rol elkarteen errolda (hots, erROLda) bisita dezakezu, eta mapan bilatu hurbil duzun elkarteren bat, haiekin kontaktuan jartzeko. Gure Telegram taldean ere antolatzen ditugu partida irekiak, bai online (Discord bidez) bai presentzialki. Batu zaitez!
Hortaz gain, bakarrolean aritzeko (jokalari bakarrerako) jokoak ere badaude eskuragarri (adib. Flamas tiro).
Rolean jokalari guztiak konfidantzazko giroan eta diskriminaziorik gabeko eremu batean sentitzea garrantzitsua da, horregatik partidan zehar norbait deseroso setiarazten duen gai bat agertuko balitz segurtasun sistema ezberdinak erabil daitezke (beloak, semaforoak, X txartela…) arazorik ez egoteko. Nola erabiltzen diren jakiteko, irakurri Partidetarako segurtasun neurriak atala.