DnD 5.e. Pertsonaiaren orria, lehen atala

Pertsonaia orriak, jokalariak istorioan zehar hartuko duen pertsonaiari buruzko informazio guztia biltzea du helburu. D&D-n ere horrela gertatzen da, baina baliteke lehen aldiz orri hauek ikusi eta burua zalantzaz betetzea…

Beraz, hasi gaitezen gauza sinpleenetatik.

Kaixo, ni Aritz naiz, Rolarien elkarteko kide eta D&D zale amorratua. Gida txiki honen jarraipen honetan munduko rol joko ezagunenaren Pertsonaia orriak aztertuko ditugu, zatiz-zati jokalari hasiberriek ere arazorik izan ez dezaten.

Gida honetan zehar Rolarien Baliabideetan aurkitutako Pertsonaia orria erabiliko dugu erreferentzia bezala, eskerrak beraz Beñati itzultzearren. Era berean, erabilitako itzulpenak Rol Hiztegian aurkituko dituzue.

Hmmm ... uste baino zenbaki gehiago nire fantasia jokoan...

Gidaren hasieran aipatu bezala, Pertsonaiaren orriak abenturan zehar erabiliko dugun gaitasun fisiko, izaera eta beste hainbat ezaugarri berezi biltzen dituzten paperak dira. Gida honetan Pertsonaia orrien lehen zatian baino ez gara murgilduko, jokatzeko funtsezkoak diren ezaugarriak biltzen ditu eta.

Goiburua

Orriaren zati honetan Pertsonaiaren izena bezalako funtsezko informazioa izango dugu. Horrez gain, pertsonaiaren klasea eta maila, arraza, jatorria, lerrokatzea eta uneko esperientzia puntuak izango ditugu bertan.

  • Izena: pertsonaiarentzat aukeratutako izena. 
  • Klasea eta Maila: pertsonaiaren ahalmena eta gaitasunak baldintzatzen dituzte, klase bakoitzak bere berezitasunak ditu eta jokatzeko era asko aldatzen da aukeratzen denaren arabera.
  • Arraza/Leinua: ezaugarri fisiko batzuk baldintzatzen ditu, tamaina eta abiadura adibidez, hizkuntzak eta batzuetan abileziak ere bai. 
  • Jatorria: abenturazale izan baino lehen pertsonaiak zituen abileziak eta loturak ezartzen ditu, aurreko lana, familia, dirua …
  • Lerrokatzea: pertsonaiaren izaera eta ongirako edo gaizkirako duen joera adierazten du, partida askotan gaitzesten den arren, erabilgarria izan daiteke pertsonaiaren oinetan zer egin erabaki behar denean.
  • Uneko esperientzia: jokatzen den partidak esperientzia puntuak erabiltzen baditu, hemen idatziko ditugu gidariak emandakoak.

Orriko zenbakirik garrantzitsuenak

Orriaren alde teknikoenari ekingo diogu orain. Gaitasun zenbakiak pertsonaia batek jokoan zehar izango dituen gaitasun fisiko eta mentalak irudikatuko ditu, zein azkarra den zerbait ikertzen edota zein ona den iruzur egiten adibidez. Sei gaitasun ezberdintzen dira:

  • Indarra: indar fisikoa, gauzak altxatu, mugitu eta eramateko gaitasuna baita arma gehienak erabiltzeko gaitasuna ere.
  • Trebezia: gauzak zuzen eta azkar egiteko gaitasuna baita erasoak ebazteko ere. 
  • Konstituzioa/Sendotasuna: guztizko osasuna, bizi puntuak kalkulatzeko eta erasoak eusteko.
  • Inteligentzia/Adimena: ikasitako edota ulertutako jakintzen gaitasuna.
  • Jakituria: ingurua antzemateko eta bertan eragiteko berezko sena.
  • Karisma: ingurune sozialetan hitzekin edota gorputz jarreraz ideiak eragiteko gaitasuna.

Zenbaki hauek gutxieneko 1 batetik gehienezko 20ko balioa izan dezakete egoera arrunt batean. Jokoan zehar gaitasun zenbaki hauek aldatzen dituzten aztikeri eta hobekuntzak dauden arren, normalean aldaezinak dira. 

Gaitasun zenbakiek balio noramala 10 dela ezartzen dute. Beraz, 10etik gorako Indar balio batek, izaki arruntak baino indartsuagoa den pertsonaia bat irudikatzen dute eta, 10 baino gutxiagoko Indar balio batek aldiz, pertsona arruntak baino ahulago den pertsonaia bat adierazten dute.

Jokoan zehar aurkituko ditugun izaki guztiek sei gaitasun hauek izango dituzte irudikatuta beraien Gaitasun kutxetan, Pertsonaia ez-jokalarientzat (PEJ) egiten diren Pertsonaia orri sinplifikatuetan.

Gaitasun zenbaki bakoitza baino are garrantzitsuagoa da Gaitasun Modifikatzailea edo gehigarria. Gaitasun taulek duten zirkulu txikian idazten dira eta partidetan benetan erabiliko diren zenbakiak dira. Gaitasun Modifikatzailea hurrengo formularekn lortzen da:

Baina taula bat prestatu dut ulertzeko errazagoa izateko.

Konpetentzia eta inspirazioa

Orriaren txoko honetan beraien artean zerikusi gutxi daukaten gauza bi ditugu:

  • Inspirazioa: partidaren barruan edo partidetan zehar Gidariak pertsonaiari emandako sari berezia izaten da. Erabilera bakarreko puntu bat izaten da, d20-a erabiltzen duten jaurtiketetan berriz botatzeko aukera ematen duena. Une oro inspirazio puntu bakarra izan dezake pertsonaia bakoitzak.
  • Konpetentzia: pertsonaiaren maila eta klasearen arabera, ikasitako, landutako eta menperatutako Abilezia, Salbazio, Arma eraso edota Eraso magiko jaurtiketetan gehitzen den hobari zenbakia da. Taula honetan daude mailaren arabera izan ditzaketen balioak.

Gehien erabiltzen den gunea: Abileziak eta Salbazioak

Gelaxka bi hauetan Salbazioak eta Abileziak biltzen dira. Talde hauek errazago ulertzeko honela zatitu ditzazkegu:

  • Abileziak pertsonaiak proaktiboki egin nahi dituen gauzetan arrakasta izatera lagunduko duten gehigarriak dira: gela bat ikertu edo zerbait estaltzen duen harri bat mugitu, adibidez. Abileziraren izenaren ondoan kakotxen artean, abilezia bakoitza zein Gaitasun Zenbakiri lotuta dagoen agertuko da eta modifikatzaile hori gehituko zaio probari. Abilezia horretan konpetentzia izan ezkero, ezkerraldeko puntua beltzez markatuko du jokalariak. Abilezien konpetentziak pertsonaiarentzat aukeratutako Jatorriak, Klaseak eta kasu batzuetan Arraza/Leinuak ezarriko ditu. Konpetentzia duten Abilezia probetan Konpetentzia gehigarria batzen da emaitza altuagoak lortzeko.
  • Salbazioak, ordea, egoera erreaktiboan pertsonaiarengan eragingo duen gertakizun bat dela eta, Gidariak eskatutako jaurtiketak izango dira: lurzoru irristakor batean zutik mantendu daitekeen ikusteko edo pertsonaiak aztikeria baten efektuari eutsi dezakeen erabakitzeko, adibidez. Gaitasun bakoitzeko Salbazio bat dago eta abilezietan bezala, pertsonaiak konpetentzia balu, ezkerreko puntua beltzez markatua izango du Konpetentzia gehigarria Salbazioko jaurtiketari gehitzeko. Salbazioetako konpetentziak pertsonaiaren Klaseak ezarriko ditu.

Pertzeptzio pasiboa: abilezien kutxatik kanpo dago isolatuta behar denean aurkitzeko errazagoa izan dadin. Izaki batek bere inguruan gertatzen denarekiko duen arreta erakusten du. Horrela kalkulatzen da:

Pertzeptzio Pasiboa = 10 + Jakituria Mod. (+ Pertzeptzio Konpetentzia, izan ezkero)

Partidan zehar Gidariak taldekoen Pertzeptzio pasiboak gainditu beharko ditu gertakariak, objektu ezkutuak edota beste izakiak ez antzemateko. Era berean, Gidariak kontrolatutako izakiek duten Pertzeptzio Pasiboa gainditu beharko du pertsonaiak izaki hori ezustean harrapatzeko.

Hau izan da gida honen lehen zatia, bertan pertsonaia orriaren bizkarrezurra diren zenbakiak ikusi ditugu. Aurrerago pertsonaia sortzeko gidatxoa egitean, zati honetan aipatutako gauzak erabiliko ditugu. Hurrengoko zatian, ordea, Pertsonaia orriaren beste zatiari begiratuko diogu: borrokara zuzendutako ezaugarriak eta nortasun ezaugarriak.

Aipatutako baliabideak:

Jokalari Orria (Beñat)

Rol Hiztegia

Gidaren beste zatiak:

D&D 5. e-n hasteko gida Euskaraz

Iruzkina egin

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude