FLAMAS TIRO (Bakarrola)

Entzuna nuen posible zela, eta probatzearren nire buruarekin rolean jokatzen hasi naiz aspaldion.

Jokoak printzipioz diseinatuta ez dauden moduan jokatzearen erabateko sineslea naizenez eta Rolarien taldean oraintxe bertan kanpaina bat martxan dugula aprobetxatuz Eguzki Ikusezina (Invisible Sun) jokoa aukeratu dut “bakarrola” probatzeko.

Ez dakit interesik duen, baina noiz behinka nire pertsonaia Flamas Tiroren abenturak hemen uzten joango naiz.

“Bakarrol” saio honen lehen partidan Flamas Tiro Satyrinen dago, Auzuts eta Behe Taverswood auzoen artean dagoen Hondamendian (Hondamendiak Gerrak utzitako desolazio izugarriak dira. Baina hobe isilik egon, ez dugu Gerraz hitzegiten…)

I

Hondamendian.

SATYRINE. AUZUTS ONDOKO HONDAMENDIA.
Weeping priest. Apprentice 5. Sekretuak*.

Ez naiz ohitzen Hondamendietara. Behin eta berriro esaten diot nire buruari eta honezkero jakin beharko nuke, baina badago zerbait airean, lurrean, edonon pausatzen den hautsean ezinezkoa egiten didana ohitzea.

Biztanleek ere ez dute laguntzen noski. Eta ez naiz Gorroto kisteei buruz ari, Beste Guztiaz baizik. Triunbirato Heriogabeari entzunez gero balirudike Hondamendiak hutsik daudela. Hilda. Abandonatuta. Ez da hala. Denetarik dago hemen. Eta denetarik diodanean ez naiz ari Satyrineko modako auzoen eklektikotasun metafisikoaz, arriskuaren eta heriotzaren denetarikotasunaz baino. Indigo eguzkiaren argitan egon nahi ez duten elementuek Hondamendietan amaitzen dute sarri. Hemen gordetzen dira Thah-tarren begiradetatik. Hemen saihesten dute legea. Hemen egiten dute habi.

Ohituta behar nuke honezkero, baina ez naiz ohitzen.

Badakit hemen daudela. Ez dut haien arnasa entzun, ez baitute arnasarik hartzen, baina zin egingo nuke haien arnasa sentitu dudala kolkoan. Haien letagin luze eta zorrotz horiek antizipazioz nire samara hurbiltzen.

Banpiroak. Ez dira Hirian aurkitu daitekeen gauzarik arraroena. Arriskutsuena ere ez. Baina horrek ez dit kontsolamendu handirik ematen. Bi dira. Edo bi ikusi ditut nik behintzat.

Lan beltza atera dut. Ez ditut entzuten, baina hurbil daude, badakit.

/Pertzepzio tirada bat egingo dut. Banpiroek 5 maila daukate. +1 ezkutatzeko eta +1 Hondamendian daudenean. Beraz zailtasuna 7. Aztikeria puntu bat eta pertzepzio bene bat gastatuko ditut jaurtiketa hobetzeko. 4 atera dut dado normalean eta 9 dado magikoan. Arrakasta da./

Arnasa luze hartu eta indigo eguzkiaren korronteak sentitzen saiatu naiz, ez-izaki hauen erasoari aurre hartzeko. Somatu baino ez-somatu egin ditut. Itzaletan daude, nire ezkerretara.

Oraindik begiak itxita Lan Beltza atera eta haietako bati tiro egin diot. Munizio alkimikoa daramat bertan. Polbora gorria, lan beltza. Suntsitzeko egina. Sorpresa bat darama gainera bala honek.

/Punteria bene bat gastatu dut tiro egiteko. 7 bat atera dut. 2 daukat suzko armetan. 7+1+2 banpiroaren saihestea (5+1) baino altuagoa da. Arrakasta./

Balak bete betean eman dio nigana ziztu bizian zetorren gorpu zurbil odoleztatu horri.

/Pistola arma arina da. 2 zauri eragiten ditu. +1 lan beltza nire sinadura objektua delako. 3 kalte egin dizkio, beraz zauri bat./

Bala alkimikoa bere bularralde hilean nola kokatu zaion sentitu dezaket nire munizioarekin daukadan harremanari esker. Xuxurla isil batekin hitz bat esan diot: orain. Bala sufre eta polbora alkimikozko distira gorri handi batean lehertzen da, eta harekin baita banpiroa bera ere.

/(Leherketa, 6), 6 kalte eginez, eta ondorioz beste 2 zauri. Banpiro bat hilda dago/

Banpiroa desagertu egin da gerritik gora, eta odol beltz eta haragi kiskalizko zirkulu bat gelditu da bere gorpuaren inguruan. Bigarren banpiroak gizakiarena baino animaliarena dirudien zarata bat egin du. Narrasti batena dirudien txistu moduko bat. Odola hoztu dit zainetan, baina ez diot ahotsean igarri dadin utzi. Azken batean hau zen aldean neraman azken bala alkimikoa.

“Esaiozu zure sireari alde egiteko hemendik. Hau Auzutseko lurraldea dela. Ez zaretela ongi etorriak.”

/Interakzio bene bat eta aztikeria puntu bat gastatuko ditut nire mehatsua/ohartarazpena indartzeko. +1 eta bi dado ematen dizkit honek banpiroaren 5+2ren aurka. 8 bat atera dut dado normalean (arrakasta) baina 0 bat dado magikoan. Flux./

Nire ahotsak txinpartak ateratzen ditu Hondamendiko inguru desolatuan. Karraskari eta kiskalkor hitzek banpiroaren belarriak uzkurtzen dituztela dirudi, eta odol beltzez injektatutako begi hil horiek beldurrez begiratzen didate, otso argal eta mutatu bat dirudienaren forma hartu eta ziztu bizian alde egin aurretik.

/-1eko vex-a apuntatu behar dut nire Aztikeria putzuan. Magiak ahotsa anplifikatu du, baina kalte egin dit. Laguntza beharko dudala uste dut./

Eztulka, eta arnasean kea banu bezala, etxera noa.

* Flamas Nozioen familiakoa da. Sekretuen familiakoa izan balitz Eguzkien Bidean ateratako kartak -1 emango zion akzio guztiei (apprentice delako).

BANPIRO AHULAK (2)
Maila 5.
Defentsa: +2 Withstand. +2 Resist. +1 dodge.

  • 1 Ezkutatu (+2 Hondamendian)
    Kaltea 000
    Zauriak 000

Bonus track: Pertsonaia fitxa.

II

Etxera

/Zilar eguzkia. Ehiztaria. Nozioak 8. Adeptoa./

Gaua egin da jada Satyrinen Hondamendia atzean uzten hasten naizenerako. Prozesua graduala da, ez da bat-batekoa. Hirira itzuli nintzenean eta Hondamendiez hitzegin zidatenean muga garbiak irudikatu nituen auzoen eta Gerraren hondakinen artean. Errealitatea baina beti da uste duguna baino konplexuagoa.

Indigo eguzkia ezkutatu den arren bere argi lausoak oraindik zeruari kolore urdin baina bero hori ematen dio. Hondamendiko hauts gorriz estalitako eraikin eroriak atzean gelditzen ari dira nire pausuek Auzutsera hurbiltzen nauten heinean. Inguruan eta atzean oraindik hemengo biztanleen soinuak entzun ditzaket, mehatxagarri eta estrainoak.

Berdearen Gaualdetik ihes egindako PlokaTlok intsektuen klak klak klak lerdetsuak. Habailazpiko mafiak ere inguruan nahi ez dituen Gazen bandako kriminalak, haien hezurrezko pipak erretzen, eztulka. Cordav neba-arrebak ere hemendik dabiltza, ziur nago. Nire irudimenak gaueko soinu guzti horiek ezagutzen ditudan mehatxuekin lotzen ditu, arrazoiz nahiz ez.

Astiro, astiroegi behar bada berez dagoen distantziarako – baina zer dira distantziak Satyrinen, hori Griseko pentsakera da Flamas- Hondamendiko suntsipena atzean utziz noa eta ingurua hutsago bilakatuz doa. Urrunago Auzutseko lehen etxeak ikus ditzaket. Etxe soilak. Ez dira Zardim, Markeserri edo Urrunerriko estrabagantziak bezalakoak. Hemen etxeak, jendea bezala, izan lacuna, elderbrin, non edo vislae praktikoak, soilak eta zikinak dira. Auzoa. Auzuts. Azkenean.

Ez dakit zenbat denbora egon naizen oraingoan Hondamendian. Denbora aspaldian balatan neurtzen dut, eta bala alkimikorik gabe nago. Asko, beraz.

Flux magikoaren eraginez arnasestuka igartzen dut nire burua, eta gehiago nire burua lasaitzeko bera baino Lan Beltza gerrikotik eskumako eskuarekin atera eta ezkerrekoarekin laztantzen dut bere azalera beltza, pistola lasaitu nahian bezala.

– Etxean gaude ia-ia.

Pistolaren erantzun ironikoa sentitu dezaket, nik bera kontsolatzeko ahaleginak dibertituko balu bezala. Ez du hitzez esaten – pistolek ez dute hitzik egiten balekin ez bada. Baina bere umorea igarri dezaket.

Kaleak zikin daude, ohi bezala. Zikin baino… utzita esango nuke. Gerraren arrastoak edo behar bada Gerraren memoria hiriko beste auzoek baino hurbilago balute bezala. Agian hurbileko Hondamendiaren eragina ere bada. Edo ziurrago, Satyrineko magia guztiak ere ezabatu ez duen beste zerbait: pobrezia.

Hustutako emozio kristal eta kontzeptu esfera deskartatuen artean dabiltza umeak jolasean, ohi bezala. Duela aste batzuk aurkitutako Vyddishinen memoria baztertzen dut gogotik, hotzikara batekin. Iluneko izakiak dira Vyddishinak, eta aspaldian Satyrineko umeen formak hartzen ikusi ditugu. Arazo presazkoagoak ditu auzoak Iluneko ume gaiztoak baino. Geroz eta denda eta lantoki gehiago ixten ikusi ditut. Gehienak non-ak dira, edo akaso zilatak, vislaen magia ahaltsurik gabeko gizakiak. Geroz eta gehiagok eskean ematen dituzte orduak, edo okerrako Errege Bederatziren zerbitzura jartzen dira, edo Sabelazpira doaz, “lan” bila. Gerra amaitu da, eta irabazi egin dugu baina gerra galtzen ari gara auzoan.

Nekatuegi nago guzti honetarako.

Adreilu gorrizko eta kobre koloreko teilatudun etxeen artean telefono kabina bat dago. Griseko telefono kabina bat dirudi, euria edo haizea egiten duenerako barrura sartu eta bertan gordetzeko modukoa, baina Grisean ez bezala kabina honetako iragarkiak begien aurrean aldatzen dira etengabe Noosferako azken berriak emateko. Telefonoak gainera Eguzki Zurbilarekin hitzegiteko aukera ematen du (bertako burokratek batere gustuko ez duten arren Bizidunekin hitzegitea).

Eta nire etxeko ataria ere bada.

Space Phone Booth | Surreal collage, Surreal art, Collage art

Iruzkin bat

  1. Pingback:[Iritzia] Eguzki Ikusezina / Invisible Sun – Rolariak

Iruzkina egin

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude