Invisible Sun Monte Cook Games konpainia estatuabatuarrararen rol joko surrealista magikoa da. Kickstarter bidez finantzatu zen eta 2018an argitaratu zen “Kubo Beltza” bezala ezagutzen den 15 kilogramoko monstruositatea, eta termodinamikaren arau ororen aurka bigarren edizio bat inprimatu behar izan zuten, lehena agortu egin baitzen.
“El txoko de los bárdulos” podcast ezagunean jada aipatu genuen Kubo Beltza baina gaurkoan objektuari buruz baino jokoari buruz hitzegin nahi dut.
Zer arraio da Invisible Sun? Merezi du? Nola jokatzen da?
Eguzki Ikusezina magiari buruzko joko bat da. Pertsonaia guztiak sorginak, aztiak edo magoak dira. Vislaeak (singularrean visla, pluralean vislae). Gerratik ihes Eguzki Grisa edo Itzala deituriko gezurrezko errealitatean errefuxiatu ziren eta han harrapatuta gelditu urte luzez, baina batzuk ihes egitea lortu dute GEZVR PVTAtik eta Errealitatera (ingelesez The Actuality) itzuli dira.
Zehazki Indigo Eguzkira. Konkretuki Satyrinera. Indigoren bihotzera. Nozioen hirira.
Hasteko beraz, jokalarien pertsonaia guztiak magoak dira. Ahaztu beste fantasiazko jokoetan ohikoak diren gerlari/lapur/mago/klerigo/nano eta abarrekoez. Hemen tontoenak ere su bolak jaurti ditzake (literalki).
Jokoaren mekanika berez sinplea da: maizterrak erronkaren zailtasun maila zehazten du 0tik 17ra artean (0 automatikoa, 17 metafisikoki ezinezkoa), jokalariak alde dituen faktoreekin (ahalegina, tresnak, gaitasunak, testuingurua, laguntza…) osatutako venture-a kentzen dio, eta hori da 10 aldeko dado batean lortu beharreko emaitza, arrakasta lortzeko.
Dado gehiago bota daitezke magia erabiliz gero, baina dado magikoetan ateratako 0 bakoitza hanka-sartze magiko bat da, esponentzialki haz daitekeena. Kitto, hori da Eguzki Ikusezinaren mekanika. Sinplea. Erraza. Zuzena. Funtzionala. Cypher sistemaren eboluzio bat, besterik gabe.
Arazoa da muin horren gainean, azpian, aldeetara eta diagonalean pertsonaiak garatu eta istorioan eragiteko aukera, tresna, neurri, hack eta salbuespen ero bezain irudimentsuz josita dagoela jokoa. Oinarria ezin sinpleagoa den arren (arerioaren erasoa bere mailaren bestekoa da: 3. mailako mamu batek normalean 3ko kaltea eragiten du, 8. mailako deabru batek 8koa…) gauzak berehala konplikatzen dira, edo konplikatu daitezke.
Hasteko, Eguzkien Bidea deitzen den sagu-alfonbrilla esoterikoan 60 karta zirkularrez osatutako karta sorta bat ateratzen joango da maizterra, eta horrekin korronte magikoen, narrazioaren eta pertsonaien gaitasunengan eragin.
Bestetik, pertsonaia bakoitzak bere fitxa propioa du (5 daude: Vanceak, Makerrak, Goetikoak, Weaverrak eta Apostatak) eta bakoitzak bere sistema magiko ezberdina du. Weaver edo ehuleek magia inprobisatzen dute, Maker edo sorgileek objektu magikoak fabrikatzen dituzte, Goetikoek deabruak eta aingeruak inbokatzen dituzte… Informazio asko da, eta ekintzan murgilduta zaudenean maizterrarentzat lan handiegia da dena buruan izatea.
Jokoa, berez, arauak eta erantzunkizuna banatu eta deszentralizatzeko pentsatuta dago. Jokalari bakoitzak izan behar luke bere sistema magikoa, aztikeria zerrenda eta istorioaren garapenaren jarraipena eramateko ardura. Mundu ideal batean beraz maizterrak bere esku ditu elementu diferente pila bat eta jokalariek haien pertsonaiaren arau espezifikoen pisua daramate. Egoera ideal horretan, Eguzki Ikusezinak sekula produzitutako sandbox-surreal-magiko-kruntxi-narratiborik kitzikagarriena izateko potentziala du, pertsonaiak oinarri dituen unibertso sinboliko dinamiko eta potente bat eraikitzeko tresnak eskaintzen baititu oso ondo landutako testu, irudi, karta, mapa, ipuin eta poema bidez.
Tamalez horrek konpromiso maila altua eskatzen du denen aldetik. Handiegia akaso. Jokalari bakoitzari 2 liburu (ingelesez) irakurtzea eta bere pertsonaiaren bizitza eta arauak buruan izatea eskatzea gehiegi izan daiteke partida azkarretara ohituta gauden garaian.
Baina orduan merezi du ala ez?
Gu kanpaina txiki bat jokatzen ari gara DENA GAIZKI* eginda, eta hala ere ondo pasatzen ari garela esango nuke (Maizter bezala ni behintzat oso ondo pasatzen ari naiz).
*Gaizki egiten ari garen gauzen zerrenda ez exhaustiboa:
- Erabat fisikoa den jokoa (tableroa, tarot karta sorta, magia kartak, tokenak…) Internet bidez jokatzen ari gara Pandemia betean. Tabletop Simulatorrek laguntzen du… piska bat 😀
- 4-5 orduko saioak izateko saioak 2 orduko saioetan konprimitzen ari gara.
- Astero jokatzeko pentsatutako zerbait hilean behin jokatzen ari gara.
- Aurrez generatutako 5 pertsonaia erabiltzen ari gara (Lauk ideia-lapurra, Lord Vryx, Red Shaper, Omar Vanderal eta Palome)
- Chaotic Evil izatera ohitutako jokalari bat dugu Lawful Good izan nahian, eta inoiz baino suntsikorragoa da bere forma berrian.
- …
Honetaz gain eta DENA GAIZKI jokatzearen aldeko ideiarekin jarraituz ni bakarrol edo solo partida bat jokatzen ari naiz nire buruarekin Maker batekin (ikusi Flamas Tiro-ren abenturak blog honetan bertan), eta berriro ere termodinamikaren arau guztien aurka, funtzionatzen du. Iñaki Perurenak zioen bezala: FUNTZIONA!
Hori esanda, eta joko hau maite dudala esanik, onartu behar dut erabat eta guztizki gehiegizkoa dela. 15 kiloko eskultura bat da 4 liburu, 1000 karta, sei hatzamarreko esku eta bostehun mobida arraroz betea. Unibertsoak eta orohar jokoaren planteamendu osoak handiputz samarra eman dezake (eta jokoak 250 dolarreko prezioa izateak jada asko dio) eta dena dago hain poetikoki idatzita eta planteatua, dena gogoratzen zaila den amets zoragarri bat balitz bezala egina ezinezkoa dela zerbait zuzenean aurkitzea.
Joko eder bezain jokatzeko frustrantea da, eta ideia brutalez eta rolgintzarekiko maitasunez betetako proposamenez beteta dagoen arren benetan jokatzeko hesi bat eraiki nahi izan dutenaren sentsazioa ematen du batzuetan (nahiz eta ez dudan uste hori denik benetan asmoa).
Nire ebaluaketa guztiz zientifikoa:
- Onena: Anbizioa. Potentziala.
- Txarrena: Eskatzen duen dedikazio maila kolektiboa. Praktikotasun falta erabatekoa.
- Edertasuna: 9,9/10 (Arte lan inkontestablea)
- Sinpletasuna: -15/10 (Bart gaueko ametsa bezain koherentea eta gogoratzen erraza.)
- Irakurtzeko gozamena: 10/10 (Oinarrizko lau liburuez gain Teratology, Secrets of Silent Streets, The Threshold, Enchiririon of the Path eta Book M delicatessen hutsa dira).
- Jokagarritasuna: Graduala. 4/10-etik hasita (Ez da arratsalde baterako joko bat. Dedikazioa eskatzen du bere potentziala agertzeko)
- Beste gauza batzuetarako inspirazio gaitasuna: 10/10 (pertsonaien eta istorioaren garapenerako mekanika eta unibertso benetan orijinal eta kitzikagarriak)
“Powerful vislae” bilaketa egiten duen norbaitek orri hontan bukatu dezakela pentsatuz, gustora deskojonatu naiz XD